Textu Osoa EUS

Beasaingo gaztetxetik bota gaituzte. Asteak daramatzagu shock egoeran, amorru, nahasmen, ezintasun eta tristuraren artean. Ez gaituzte Polizia edo hondeamakinek bota. Gehienbat Gazte Koordinadora Sozialistako kide diren kolektiboek osatutako asanblada izan da. Bertako kide izaten eta parte hartzen uzten ez digun asanblada hilabete batzuetatik hona. Kanpo eragile gisa kalifikatu gaituzte, eztabaidatzeko aukerarik gabe. Eta gaztetxean parte hartzeko moduei eta denborei buruzko eztabaida berriz zabaltzen saiatu bagara ere, ez gaude erabakimen maila berean. Eta egoera honi zilegitasunik eman ez diogunez, bota egin gaituzte.

Beto honi aurre egitean sortzen zaizkigun ezintasunetik eta zalantzetatik idazten dugu. Ez dugu nahi gertatu dena eremu pribatu batean geratzea, ezta gure asmoak manipulatzea ere. Gehienok 30 eta 40 urte bitartean bagabiltza ere, Beasaingo Gaztetxearen iraganaz eta historiaz hitz egiten dugunean, ez dugu autoritate-argudio gisa egiten, ezta erromantizismotik ere, begirada zabal batetik baizik, nondik gatozen ez ahazteko eta kanporatze hori zein bidegabea iruditzen zaigun azaltzeko.

Pertsona talde nahiko anitza gara, baina ideia eta balio partekatuak ditugu. Modu kolektibo, horizontal eta asanblearioan funtzionatzen dugu, izenik ez dugun arren. Goierriko herri ezberdinetan bizi gara. Gaztetxea arduraz bizi dugu, eta espazioarekiko sentimendu sakon batek batzen gaitu. Gutako batzuk okupatu zenetik ari gara bere eraikuntzan, eta beste batzuk etapa desberdinetan joan gara sartzen. Ikuspegi libertario batek batzen gaitu, modu autogestionatuan funtzionatzeak eta kultura alternatiboa sortzeko gogoak. Gaztetxeak eta zentro sozialak, oro har, norbanako eta kolektibo gisa hazteko leku gisa ulertzen ditugu, harremantzeko beste modu batzuk sortuz eta zapaltzen gaituenaren aurka borrokatuz (baita geure burua berrikusiz ere).

Beasaingo Gaztetxea aniztasunetik irabazitako, eraikitako eta defendatutako espazioa izan dela uste dugu. Duela 18 urte, hilabetetan zehar talde bat bildu zen kalean, anitza oinarri politikoei eta adinei dagokienez, baina herrian gaztetxe bat egoteko behar partekatuarekin. 2004ko abuztuaren 22an posible egin zen jende askorentzat ezinezkoa zena: udaletxeko lokal bat okupatu zen, Melmak jaioz. Horrela hasi zen esperientzia ahaztezin hau, eta horrela erakutsi genuen etorkizunaren norabidea alda genezakeela konpromisoz eta taldean.

Urte hauetan guztietan, Melmak topagune eta hazteko leku izan da, parte hartu eta bultzatu dituen borroka desberdinei esker: errepresioaren eta kartzelen aurka, AHTren eta bere mundu guztiaren aurka, transfeminismoa, mugen aurka eta migratzaileei babesa emanez, antiespezista… eztabaida sortuz eta pentsamendu kritikoa elikatuz. Konpartitzeko eta zaintzeko babesleku izan da, non amets, ideia, kezka eta proposamen asko antikapitalismotik gertatzen ziren: rokodromoa, afari beganoak, baratzea, serigrafia, eztabaidak, kontzertuak, musika elektronikoa, antzerkiak, jolasak, irteerak, aisialdi alternatibo eta autogestionatu propioa sortuz. Urtetan zehar gaztetxeko gune ezberdinak eraiki eta bizi izan ditugu, izerditu, barre egin, negar egin, jolastu, elkar babestu, zaindu eta maitatu, partekatu, amestu eta gozatu egin dugu, gure armak elkartasuna, konfiantza eta adiskidetasuna direla ulertuta.

Gainera, gaztetxeak gure beharra izan du: urteetan erakundeen eta hirigintza-planen jomugan egon da. Alkateak Melmak legeztatu eta kontrolatzeko egin zuen presio eta xantaiaren aurrean, gure balioekiko leial izatea erabaki genuen, okupazioa defendatuz: uko egin genion gure autogestioa ustelduko zuen akordiorik sinatzeari. Handik urte batzuetara plan berri bat iritsi zen gure eskuetara, Melmak eraitsi eta aparkaleku batzuengatik ordezkatzeko asmoz. Ekintza eta manifestazioen bidez aurre egin zitzaion, hasieratik izan zuen esentzia aske eta irekiari eutsiz.

Urte hauetan guztietan, Gaztetxea ehunka pertsonak biziarazi du, hainbat borroka-ikuspegi elkarbanatuz, belaunaldi desberdinen artean lankidetzan arituz eta baita espazioa kudeatzeko modu desberdinen artean elkar ulertuz ere. Horrek tentsio-une asko sortu ditu, baita elkarrengandik bereizten gintuen guztia agerikoa zenean zerk batzen gintuen aurkitzeko ahalegin handia ere. Une horiek bizitzeak aberastu egin gintuen, elkar ulertu eta batzeak konfrontazioa gainditu zuen, gure borrokaren zutabe bihurtuz.

Baina bizikidetza eta talde-prozesu orotan bezala, krisi-uneak ere izan dira eta konpromisoak eta parte-hartzeak gorabeherak izan dituzte. Une horietako bat, pandemia baino lehentxeago izan zen. Beharrezkoa ikusi zen gaztetxeko asanblada indartzea eta espazio gisa unean uneko kezkei heltzea. Hurbiltzen ari zen jende berriaren aurrean, gaztetxearekin konprometituta denbora luzea zeramaten pertsona batzuk hain presentzia jarraitua ez izatea erabaki zuten, guztiek bertan euren lekua topatu eta espazio hori eurena sentitzea errazteko.

Harrezkero, kudeaketa-asanbladan zuzenean sartu ez garen arren, Gaztetxean aktiboki parte hartu dugu: bai auzolanetan, jardunaldietan, hitzaldi eta tailerretan, kontzertuak eta jai alternatiboak prestatzen, eta beste leku batzuetan eragiteko antolatzen, sortu diren beharretan gure esperientziatik ekarpenak egiten saiatuz, espazio hori gure etxe kolektibo gisa sentituz.

Horregatik harrituta gaude Beasaingo Gaztetxeak azken urtean izan duen joerarekin. Uste dugu GKSko kolektibo batzuk asanbladaren jabe egin direla, euren irizpidea besteen gainetik jarriz eta espazioaren historia alde batera utziz. Pixkanaka-pixkanaka giroa zakartzen joan da, onartu ezin genuen egoera batera iritsi arte.

Egoera deserosoak bizitzen hasi ginen. Herriko gazteen beste kolektibo batzuei betoak jarri zitzaizkien. Askotan Gaztetxea zikina aurkitzen genuen, sukaldea garbitu gabe, altzariak eta objektuak desordenatuta eta kanpoaldea oso zabar. Askotan musika ekipoan materiala falta zen, GKSren beste ekitaldi batzuetara eraman eta itzuli gabe. Zenbait aldaketaren ondoren, ez geunden ados prezioekin, ezta kudeaketa ekonomikoaren ehunekoekin ere. Batzarretara joaten saiatzen ginen, eta bazirudien ez genuela inoiz asmatzen: azkenean ez ziren esandako egunean, edo berandu iritsiko ginela abisatu bagenuen, ordurako bukatuta zegoen. Hainbat aldiz kendu dituzte animaliekin esperimentatzen duen laborategi baten aurkako kanpaina autonomo bati buruzko kartelak. Azalpenak eskatu direnean, esan dute antiespezismoa ez dela lehentasunezko borroka, ez dituela helburuak elikatzen, eta kartelak jartzeko baimena eskatu behar genuela. Bapatean, asanbladaren akordio batzuk zeuden, zeinetan ezin izan genuen parte hartu, ez eztabaidatu, ezta erabaki ere, eta akordio hauek eskatu arren, ezin izan ditugu irakurri. Barne kudeaketarako whassap taldeetan ere geruzak zeuden: nahiz eta Melmak gaztetxea izeneko batean egon, bertan ez zen kudeaketaz hitz egiten, informatuak besterik ez ginen.

Gai ilunenetako bat giltza eta sortu dituen botere jokoak izan dira. Giltza asko galdu zirela esan zuten, eta giltza zutenek hau itzultzeko deia egin. Gutxi agertu ziren, beraz, sarraila aldatu zen. Giltza bat eman ziguten, baina handik gutxira itzultzeko eskatu ziguten esanez ez zela gure kolektiboarentzat, aldi baterako utzi zigutela. Orduan, giltza bat eskatu genuen, eta hasiera batean esan ziguten ordaindu egin behar genuela. Gero, giltza izateko batzar guztietara joan behar zela eta giltzen arduradun batzuk zeudela. Behar genuenean eskatu eta utziko zigutela. Baina guk giltza bat izan nahi genuen kolektibo gisa, edo eskuragarri nonbait, guztiontzako fidagarria zen beste leku batean, bertan elkartu edo bat-bateko gauzak egin ahal izateko.

Beraz, bat-batean ezin genuen giltzarik izan. Bat-batean kanpo eragile bat ginen. Bat-batean ezin ginen asanblada osora joan, hasierara bakarrik. Eta asanbladatik igarotzea elkarrizketatuak izatea bihurtzen zen, non gure puntuak esaten genituen eta gauzak eskatzen genituen, ezer adosteko modurik gabe. Bat-batean, gure jarduerak baztertzen hasi ziren: ez ziguten hitzaldi-eztabaida bat egiten utzi, politikoki ez zelako interesgarria, eta ezin genuela lorategian fruta-arbolarik landatu zioten, arratoiak erakarriko zituelako eta egiteko garrantzitsuagoak zeudelako. Bat-batean, ekitaldiren bat antolatzen ari ginen arren, asanbladak edozein unetan bertan behera utz zezakeen data erreserbatu bat. Bat-batean, eskualdean GKSren jardunaldirik baldin bazegoen, ezin zen ezer egin gaztetxean.

Horregatik, azken hilabeteetan, hainbat barne-eztabaida proposatu genituen sortu zen egoera berriarekin ados ez geundela adierazteko, eta bizikidetzarako gutxieneko akordioak bilatzen saiatu ginen, egoera, denbora eta inplikazio-maila desberdinak barne hartuko zituztenak. Negoziatzeko ahalegin horietan, kolektibo guztiak koordinatzeko hileroko batzarrak ezartzeko aukera planteatu genuen, egutegia adosteko, espazioaren eta ekipoaren logistikan jarduteko eta garrantzitsutzat jotzen ziren gatazkak edo gaiak lantzeko. Sortu ziren gai problematikoak jorratzeko tresnak eskaini genituen, adibidez, infantilizatuak sentitu izana. Baina ez dugu elkarrizketarako espazio horizontal bat irekitzea lortzen. Ez zizkiguten inoiz erakutsi euren ekintzen oinarri ziren akordioak, eta, beraz, ezin genuen horiei buruz eztabaidatu, ezta haien eraikuntzan parte hartu ere. Gainera, proposatu genituen barne-eztabaidak isilpean gordetzea nahi zuten, gaztetxeko beste kolektibo batzuekin informazioa partekatzen genuenean haserretuz.

Eztabaidak antzuak eta oso nekagarriak izan ziren, ezin izan genuen inolako elkarbizitza-akordiorik lortu, denbora guztian gaztetxearen funtzionamendua erabakita zegoela mantentzen zutelako eta gure proposamenetako batek ere ez zuelako lekurik. Gu Gaztetxeko kolektibo bat garela sentitzen dugula esan arren, eta parte hartzeko beste garai eta erritmo batzuk nahi izan arren, espazioaren zaintzan eta konponketetan erabateko inplikazioa hartuko genuela, haiek erabakita zeukaten kanpoko eragileak ginela eta horrek zekarren guztia. Beraz, azken eztabaidan planto egitea erabaki genuen eta gaztetxeko kolektibo guztiak kontuan hartuko zituen funtzionamendu proposamen zehatz bat aurkezteaz gain, ekitaldi baterako utzi ziguten giltza ez itzultzea erabaki genuen.

Handik egun gutxira deituak izan ginen, kolektibotik ahal genuenak bertaratzeko eskatuz. Gaztetxean sartu gabe, ate aurrean korroan, giltza itzultzeko eskatu ziguten behin eta berriz. Gure erantzuna, aurrena gure elkarbizitzarako proposamenari buruz erabakitakoa entzun nahi genuela izan zen. Jarraian argi utzi zuten hura ez zela eztabaidarako gune bat eta azkarra izango zela. Erabaki zuten:
– Asanbladan ez zuela tokirik 40 urteko jendeak.
– Gu han ginela eta, gazte batzuk batzarretara joateari utzi ziotela.
– Gure jarrerak ezin ziren onartu (errespetu faltak, batzarraren erabakiak ez errespetatzea, gaztetxeko pertsonei buruzko difamazioa eta giltza ez ematea).
Euren ustez guk gaztetxea gehiago ez erabiltzeko nahikoa arrazoi ziren. Barruan zegoen ezer ez zela gurea zioten hemendik aurrera.

Kanporatze honen aurrean blokeatu egin gara. Nola ez gara sartuko hain lotuta gauden espazio batean? Nola ez dugu erabiliko kolektiboki ia bi hamarkadatan eraiki dugun azpiegitura? Zergatik da parte-hartzaileen adina alboratze arrazoi, gazte horiek gaztetxera etortzen hasi zirenean arazorik ez bazegoen?

Onartu genuen behin amorruz erreakzionatu genuela, eta ez modu egokienean, jakinarazi zigutenean ezin ginela batzar osora geratu, ezin genuela giltzarik eduki edo ezin genuela batzarrean iritzirik eman ‘noizbait adreilu bat jarri zuen norbait izateagatik’. Uste dugu akats hori onartu dugula eta, bere garaian, barkamena eskatu dugula gure moduengatik. Gure ustez, egoera horietan bizi izan dugun indarkeriaren ondoriozko erreakzioa izan zen, baina ez gara justifikatu nahi. Eta adierazi nahi dugu, jakina, hilabete hauetan, tentsioek iraun duten bitartean, lagunekin, familiekin eta bizilagunekin gertatzen ari zenaz hitz egin dugula. Badakigu horrek beste pertsona batzuek jarrera hartzea eta horri buruz hitz egitea eragin duela. Baina ezin dugu gure gain hartu jendeak esaten edo egiten duenaren erantzukizuna edo sortzen dituen ondorioena.

Desberdintasun politiko eta belaunaldi arteko gatazka dela uste dugu, baina ez dugu uste aniztasun horretan dagoenik arazoa: gure ustez, arazoaren muina da, kolektiboen sare bat, Gaztetxe baten moduko espazio baten berezko horizontaltasun minimoa errespetatu gabe, Beasaingo Gaztetxeaz jabetu dela. Gazte Asanblada omen dira, baina errealitatea da gehiengoak GKSrekin parte hartzen duela, eta gu bota aurretik Ernaiko beste gazte batzuk bota dituztela. Iraingarria eta gehiegikeria iruditzen zaigu hain ibilbide luzeko espazioa hartu izana eta gainerakoak kontuan hartu gabe euren irizpidea ezarri izana. Hormarik eraiki ez baduzu, ezin duzu aterik itxi. Lotsatu egingo ginateke leku batera azkenak iritsi eta gure perspektiba ezarriko bagenu baliodun bakar bezala. Gure ustez, kolektibo batek edo batzuek argi badute beste modu batera funtzionatu nahi dutela, logikoena espazio berri bat eraikitzea da. Ez, ordea, Gaztetxeaz jabetzea, ezta hau sortzen parte hartu duten norbanako edo kolektiboak kanporatzea ere. ‘Ez sustraiak moztu, landa ezazue ondoan.’

Zalantza dugu ea gaur egungo batzarra osatzen duten gazteek ulertzen duten, beren kabuz eta alde bakarrez eskuratutako eskubidea dela medio, gauzak nola antolatu erabaki dezaketela, espazioan parte hartzen duten gainerako kolektiboak kontuan hartu gabe; edo ea uste duten, gazte izateagatik, espazioa beren komenientziara heredatzen dutela, lehia baztertuz. Benetan al gara etsai? Ezinezkoa al da akordioak aurkitzea parte-hartzaile guztiak kontuan hartzen dituen koexistentzia baterako? Nork erabakitzen du nola izan espazioaren parte eta zein irizpideren arabera? Zein da gure etxe kolektibotik ateratzen gaituztenen zeregina? Espazio hain anitzean, nola alda daitezke funtzionamendu-zutabeak gutxi batzuen irizpidearen arabera eta aldez aurretik adostasunik lortu gabe? Nola pribatiza daiteke irekita aurkitu duzuen espazio bat? Zergatik errespetatu behar da legitimatu ezin den agintaritza bat?

Ez dugu botere-borroka batean kokatu nahi, baizik eta espazio politiko aske eta partekatu bat elkarbanatzean. Gaztetxeko barne-harremanetan ez ditugu hierarkiak onartuko, eta uste dugu kolektibo guztiak maila berean gaudela erabakimena gauzatzeko. Pentsamendua eta ekintza kritikoa ezinbestekoak iruditzen zaizkigu, eztabaidan eta arrazoiketan oinarrituak, pertsonen arteko zaintza alde batera utzi gabe. Botere-harremanek eragindako desoreken jakitun gara, eta horiek elkarrekin berrikusteko prest gaude. Gaztetxea borroka gune politiko eta plurala dela ulertzen dugu, elkar dezakeena eta bakoitzaren motibazioak eta nahia oztopatzeko asmorik ez duena. Interesgarria iruditzen zaigu korronte eta borroka desberdinen arteko elkarrizketa. Uste dugu, adin, identitate, bizi-egoera edo konpromiso-maila ezberdineko pertsonek parte har dezaketela Gaztetxean, eta hau aberasgarria dela.

Amaitzeko, ikusten ari gara mugimendu sozialistak gaztetxeak kontrolatzeko egiten duen ahalegina ez dela Beasainen bakarrik gertatzen, Euskal Herri osoan baizik, estrategia bati erantzunez. Ez dugu onartuko espazio hauek lapurtzea.

♥♥♥ BEASAINGO GAZTETxEA denon ETxEA ♥♥♥